
Palestinan bizitzari eustea, ogibidez ogibide.
Okupazioaren aurrean indartu ditzagun herri ekonomiaren tresnak.
Palestinan, okindegi bat, joste-tailer bat edo olibondo-zelai bat izatea ez da bizimodua ateratzeko modu bat bakarrik, erresistentziarako modu bat ere bada. Lurrak suntsitu, pertsonak espetxeratu, merkatuak bonbardatu eta lurraldeak blokeatzen dituen okupazio baten erdian, milaka palestinar egunero jaikitzen dira ereiteko, janaria prestatzeko, josteko, garraio edo zaintza lanak egiteko. Komunitate osoak sostengatzen dituzten lanbideak dira eta horregatik ere erasotzen dituzte.
Errealitate horren aurrean, Coop57 Fundaziotik, Palestinako ekonomia solidarioaren autonomia babestea dugu helburu eta bertako herri ekonomiaren tresna zehatz baten bidez egingo dugu, palestinako DAMAN proiektuaren bidez hain zuzen. DAMAN, ekimen txikien mikromaileguak bermatzen dituen Kredituen Berme Solidarioko sistema da. Horietako ekimen asko emakumeek gidatutakoak direla azpimarratu nahiko genuke gainera. Gerra eta okupazio testuinguruan bereziki funtsezkoa da mikrofinantzetako erakundeen arriskua partekatzen duen sistema bat edukitzea, ordainketei aurre egiteko mugako zailtasunek jarduera ekonomikoa larriki eragozten baitute. Negozio bat suntsitzen bada edo langile bat kartzelan badago, DAMANek maileguaren zati bat ordainduko du (%80 arte).
Finantza-elkartasuna indartzeko eta Palestinako ekonomia soziala zutik jarrai dezan Coop57 Fundazioak dirua biltzeko kanpaina abiarazi du, autonomiarako eta zaintzarako baliabidea izan dadin. Gure herrialdeek okupazioa armekin finantzatu eta genozidioa isiltasun konplizearekin normalizatzen duten bitartean, gure sareek Palestinako bizimodu duinari eusten dion herri ekonomia bultzatuko dute.
Kanpaina hau justizia ekonomikoaren aldeko apustua da, ekonomia pertsonen zerbitzura egon behar dela uste dugunon proposamena, alegia. Kolonialismoaren aurrean, elkartasun internazionalistaren bitartez bizimodu duinaren alde borrokatzen dutenen sareak indartu ditzagun.