Amillubi Lurra Taupaka
Lurra defentsa dezagun · EH

Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 310.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei erantzuteko. Abenduaren 1ean ospatuko dute lehen urte emankor hau, Amillubin bertan egingo duten goiz pasarekin.
Abenduaren 1ean urteurren festa
Goizpasako plana izango da: auzolanean ongarria botako dute Amillubiko soroan. Ondoren, ekitaldia eta mokadutxoarekin ospatuko dute urteurrena. Amillubin aurkitutako golde zahar bat berrizten hasi dira, erreleboa irudikatuko duen espazio bat sortzeko asmoz. Horrela adierazi dute antolatzaileek: "Jasotako babesa eskertzeko, egindakoa ospatzeko, gure komunitatea sendotzeko, eta aurrera begira indarberritzeko, goxo eta xume elkartzeko proposamena egiten dizuegu".
Lurra martxan
Agroekologia mugimenduari dituen beharrak asetzen laguntzea da Amillubi proiektuaren helburuetako bat. Eta lehen urtean ekin diote lan horri: uda-sasoirako porru mintegia osatu zuten eta bertan hazitako 120.000 porru landarek Gipuzkoako baratzeetan jarraituko dute hazten. Gaur egun, alberjiniak, brokoliak eta baba handia dituzte ereinda zein landatuta, Euskal Herriko hazi ekologikoak lantzen dituen Alekarekin elkarlanean. Hortik aterako diren haziak baliatuko dituzte baratzezainek. Eta Amillubiko soroan garia ereiteko asmoa dute, horrela okin-taldearen beharrei erantzuteko.
Azpiegiturak egokitzeko lanak ere martxan
Hasita gaude baserriaren konponketa lanak aztertzen, proiektura batu direnei bidali dieten buletinean azaldu dutenez: "Bioeraikuntzan lanean ari diren bi lagunekin batera, baserriaren egituran egin beharreko hobekuntzak eta dauden aukerak aztertzen hasita gaude". Bestalde, urtebete honetan fitodepurazio sistema jarri dute martxan, baserrian sortzen diren ur zikinentzat depurazio sistema alegia. Fitodepurazio sistema. Baserriko ur "grisak eta beltzak" hareazko eremu honetan iragazita depuratuko dute.
Hainbat ekimen egin dituzte urtebete honetan
Herriz herri hitzaldi mordoa eman dituzte Amillubi proiektua aurkeztuz. Topaleku ere bihurtu da Amillubi: Haziak liburua aurkeztu zuen Miguel Arribas Kelok urri bukaeran. Hainbat auzolan eta tailer ere egin dituzte urte honetan zehar. Ekimenik jendetsuena Lurra Taupaka festa izan zen, maiatzean, eta 250 pertsona elkartu ziren jai giroan.